Herri euskaldunetako biztanlerian aldaketa demografiko handiak gertatzen ari dira azken urteetan, eta horrek eragin zuzena du eskoletan. Erronka nagusi bati erantzun beharrean daude: nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitateetan, betiere, euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.
Erronkari erantzuteko, proba pilotu bat abiatu zuen UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Zaldibian, 2021-2022 ikasturtean, eta, ondoren, Aizarnazabalen, Ondarroan, Leitzan eta Ibarran egin dute lanketa. 2023-2024 ikasturtean, zabaldu egingo da proiektua eta, besteak beste, Orioko bi ikastetxeetan ere egingo da.
Hezkuntza-komunitatean hainbat esparru dektaktatu dira, non hizkuntzaren kudeaketak zailtasunak planteatzen dituen: bilerak, oharrak, familia-elkarteak, gurasoen whatsapp-taldeak… Hizkuntzaren erabilerari lotuta, konponbide praktikoak ematea izan dute helburu Zaldibian martxan jarritako proba pilotuan, bi aldagai nagusi kontuan izanda: batetik, udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeak duen garrantzia eta, bestetik, jatorri atzerritarra duten gurasoek beren seme-alaben eskolako informazioa jasotzeko eta ulertzeko beharra.
Orion, irailetik aurrera martxan
Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak 2023-2024 ikasturtean ekingo diote proiektuari; baina, horren aurretik, dagoeneko egin dituzte lehen bilerak UEMAko arduradunekin, prozesua antolatzeko. Bilera horietan aztertu dituzte eskolako bileretan, hizkuntzari lotuta sortzen diren egoerak: oharrak nola idatzi, familia-elkartearen komunikazioetan edo whatsapp-taldeetan nola jokatu… eta korapiloak askatzeko proposamenak landu dituzte.
Proiektuaren helburu nagusietako bat hezkuntza-komunitateko eragile guztien parte-hartzea indartzea da, harremanak errazteko eta ikasle guztien integrazioa bermatzeko.