Itsas ondareari buruzko bisita gidatuak izango dira aurten ere, udako larunbatetan


Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu aurten ere Orioko turismo-bulegoak, eta larunbat honetan, Arrantzale Egunean, egingo dute lehen saioa, euskaraz. Uztaileko eta abuztuko larunbatetan izango dira, 11:00etan hasita, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan, turismo-bulegotik abiatuta. Bisitak 3 euroko prezioa du, eta aldez aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan (943 83 55 65, infoturismoa@orio.eus).

Begi Bistan aisialdiko zerbitzuen enpresako Violeta Bandresek gidatuko ditu bisitak.

Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak, balea-arrantza… Mende luzez, Orioko ekonomiak eta gizarteak lotura estua izan du errioarekin, eta horrek zizelkatu du herriaren eta herritarren nortasuna. Bisitaren helburua iraganera bidaia egitea izango da, modu atsegin eta dibulgatzailean.

Esan bezala, uztaileko eta abuztuko larunbat guztietan errepikatuko dituzte saioak, uztailaren 22an eta abuztuaren 12an izan ezik. Bi aste horietan, asteazkenez programatu da bisita (uztailaren 19an eta abuztuaren 9an). Lehenengo bisita gidatua, larunbat honetakoa, euskaraz izango da, eta hortik aurrera, hizkuntzak txandatuko dituzte:

  • 2023-07-01: Euskaraz
  • 2023-07-08: Gaztelaniaz
  • 2023-07-15: Euskaraz
  • 2023-07-19* Asteazkena: Gaztelaniaz
  • 2023-07-29: Euskaraz
  • 2023-08-05: Gaztelaniaz
  • 2023-08-09* Asteazkena: Euskaraz
  • 2023-08-19: Gaztelaniaz
  • 2023-08-26: Euskaraz

Izen-ematea, zabalik

Bisita gidatuan parte hartzeko aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan, infoturismoa@orio.eus helbidera idatzita edo 943 83 55 65 telefonora deituta. Plaza mugatuak izango dira.