Herriko garbitasuna eta bizikletentzako aparkalekuen erabilgarritasuna bermatzeko, kalean abandonatutako bizikletak eta gurpildun gailuak jasotzen ditu Udaltzaingoak. Bildutako ibilgailuak epe batez izaten ditu gordailuan, eta inork erreklamatzen ez baditu, bertan geratzen dira. Orain, gordailuan pilatutako ibilgailuei irtenbide egokia emateko, Udalak hitzarmena sinatu du Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundearekin.
Lehen txanda honetan 28 bizikleta, hiru triziklo eta haur-kotxe bat bidali ditu Udalak Iruñera, GKEaren egoitzara. Han, jasotako materiala errebisatu egingo dute eta egoera onean dauden ibilgailuak beharrean dauden herritarrei eskainiko dizkiete, doan. Egoera txarrean daudenak, aldiz, birziklatzera eramango dituzte.
Horrela, herrian sortutako hondakinak berrerabili eta birziklatzea sustatu nahi du Udalak, eta egoera zaurgarrian daudenei lagundu.