Musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna izango da uztailaren 24an hondartzan

 

Hika Teatroak eta Oinkari dantza-taldeak elkarlanean prestatutako proposamena da GAZTE ikuskizuna. Uztailaren 24an, astelehenarekin, izango da ikusgai Orion, 20:00etatik aurrera, hondartzan.

Aurtengo udako kultur eskaintzaren ezaugarrietako bat da saioak kalera ateratzeko konpromisoa. Zinema ez ezik, dantza eta antzerkia ere ikusgai izango dira datozen asteetan kalean, eta emankizun horietako bat izango da datorren astelehenekoa. Saio honek, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzaren dirulaguntza jaso du, arte eszenikoen kaleko erakustaldiak sustatzeko.

Izenburuak berak argi uzten duen bezala, proposamen gaztea da Agurtzane Intxaurragak zuzendutakoa, eta abiapuntua euskal dantza bada ere, dantza garaikidea eta modernoa ere uztartzen ditu, ahotsari eta testuari lekua eginez. Zuzeneko musika ez da faltako, DJ Martin Little eta Zigor DJ, Eneko Dieguez eta Intxaurragaren beraren eskutik, eta 17 eta 25 urte arteko hamar gazte ariko dira eszenatokian, ikusleengandik metro gutxira.

Adin guztietako ikusleei zuzendutako emanaldia izango da. Ez aukera galdu!