Teink Trofeoaren partaideek Orion egingo dute geldialdia abuztuaren 3an

 

Donibane Lohizuneko Ur-ikara elkarteak antolatzen duen Teink Trofeoa batel-txapelketaren partaideak izango ditugu Orion ostegunetik ostiralera, abuztuaren 3tik 4ra. Aurreko urteetan egin ohi duten bezala, kiroldegian egingo dute lo eta herriko plazan afalduko dute.

Teink Trofeoaren 30. edizioan parte hartzen duten batelak Bilbotik atera ziren uztailaren 29an, eta ia 85 itsas miliako (157 km) distantzia egingo dute, abuztuaren 5ean, Donibane Lohizunera iritsi arte. Tartean, Orion porturatuko dira ostegunean, 4.etapari amaiera emanez; 14:00-15:00 inguruan iritsiko dira Herriko Plazara. Biharamunean, goizean, txapelketa berrabiatuko dute Pasaiara bidean.

Batelak 5 eta 6 metro bitarteko ontzi txikiak dira, historikoki Euskal Herriko kostaldeko arrantza txikian erabiliak. 1993an 4 lagunek euskal kostaldea zeharkatu zuten arraunean, bidean zenbait geldialdi eginez, Teink izeneko batelean. Esperientzia hartatik sortu zen Teink Trofeoa hurrengo urtean.

Teink ez da itsas txapelketa soila: Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun-gunea da eta hor elkartzen dira kultura, tradizioak eta itsasoa maite dutenak, bizipenak eta esperientziak trukatuz.