‘Turisteando’ antzezlana eskainiko dute ostiralean Antilla hondartzan

Kaleko antzerkiarekin jarraituz, abuztuaren 25ean, ostiralarekin, Trapu Zaharra antzerki konpainiaren Turisteando obra izango da ikusgai hondartzan. 20:00etan hasiko da umorea ardatz duen emanaldia, eta ikus-entzuleen konplizitatea bilatuko du istorio dibertigarri bezain absurdoaren bidez.

Bidaia-agentzia batek stand bat jarriko du kalean, beren produktu izarra saltzeko: nahieran antolatu daitezkeen bidaia birtualak. Eta itsasontzian egindako bidaiarekin oso pozik dagoen emakume bat aukeratuko dute bidaia birtualak nola antolatzen diren zuzenean erakusteko. Bidaia horretan, bere fantasia guztiei bide emango die.

Ruben Ontiverosek idatzi du antzezlanaren gidoia, eta Santi Ugalde eta Mila Espiga dira aktore nagusiak, Isidoro Fernandezen gidaritzapean. Ordubete iraungo du emankizunak, eta Antilla hondartzan izango da ikusgai, eguraldiak laguntzen badu. Bestela, Herriko Plazara ekarriko da emanaldia. Behin betiko kokalekuaren berri ostiral goizean jakinaraziko du Udalak.