Parrilla Festaren atarian antolatutako ‘Arrantza eta gastronomia’ jarduera-sortak lehen hitzordua izango du asteazkenean, irailaren 23an. ‘Kofradiaren eraikinak 100 urte’ izeneko hitzaldia egingo da 19:00etan Kultur Etxean.
Saioan, Jon Agirresarobek eta Pedro Miguel Urangak hartuko dute parte, eta Orioko Kofradiaren eraikinaren inguruan jardungo dute. Aurten ehun urte betetzen dituen eraikina izango dute hizpide, eta haren historia eta herriko itsas ondarearekin duen lotura gerturatuko dizkiete bertaratzen direnei.
Hitzaldia urriaren 2tik 4ra egingo den Parrilla Festaren aurretik antolatutako ekintzetako bat da. Festaren helburuetako bat Orioko ondare gastronomikoa ezagutaraztea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea da, eta, horrekin lotuta, arrantzaren eta gastronomiaren inguruko ezagutza zabaltzeko hainbat saio antolatu ditu Udalak.
‘Arrantza eta gastronomia’ zikloak irailaren 30ean izango du jarraipena. Egun horretan arraina prestatzeko sukaldaritza-saio praktikoa egingo da Aldapa elkartean, 19:00etan.
