Salgai daude Parrilla Festako pintxo-pote eta larunbateko bazkarirako txartelak

Gaurtik aurrera Turismo Bulegoan eskuratu daitezke Parrilla Festako sasoiko arrainen pintxo-poteetarako eta urriaren 3ko larunbateko bazkarirako txartelak.

Parrilla Festa urriaren 2tik 4ra izango da Herriko Plazan. Ostiralean, urriaren 2an, 20:00etan egingo da irekiera ofiziala.

 

Sasoiko arrainen pintxo-potea: 15 euro

Urriaren 2an, ostiralean, 20:05ean egingo da lehen pintxo-potea, eta urriaren 3an, larunbatean, 20:00etan bigarrena.

Esperientzia 10-12 pertsonako taldeetan egingo da. Herriko parrilleroek egunean bertan lonjatik ekarritako sasoiko arrainak erreko dituzte, eta parte-hartzaileei arrain bakoitzaren ezaugarriak, prestatzeko modua, parrillan nola erretzen den edota olio-errea nola egin eta botatzen zaion azalduko diete. Muxarra, erreboiloa, txitxarroa, zapoa edo une horretan eskuragarri dagoen beste arrainen bat izan daiteke.

Pintxo-potean parte hartzeko aldez aurretik txartela erosi beharko da turismo-bulegoan, 15 euroan. Txartel bakoitzarekin pertsona bakoitzak sasoiko arrainen bi pintxo, karrakelak eta izkirak eta herrian ekoitzitako txakolinen lau trago dastatu ahal izango ditu.

Larunbateko bazkaria: 20 euro

Urriaren 3an, larunbatean, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bihurtuko da, eta 200 bat lagunek izango dute bertan bazkaltzeko aukera.

Herriko tabernek prestatuko dituzte sarrerako errazioak: entsalada, txanpinoiak, txipiroia eta txuleta-paella. Postrea eta edaria ere izango dira. Arraina, ordea, talde bakoitzak ekarri beharko du, eta Orioko arraindegi batean erosia izan beharko du. Erosketa-tiketa aurkeztu beharko da, eta Orion erosi ez den arraina ezin izango da parrilletan erre.

Lehen plateren ondoren, talde bakoitzeko ordezkari batek edo bik euren arraina prestatuko dute parrillan, herriko parrilleroen laguntzarekin. Helburua parrillaren inguruko jakintza eta ondarea transmititzea da; horregatik, parrilleroek aholkuak eman eta arraina Orioko modura nola egiten den erakutsiko dute.

Bazkariko txartelak 20 euro balio du —arraina aparte—. Prezioan sartzen dira errazioak, ikatza, olioa eta sua egiteko beharrezko materiala, ura eta sagardo-txotxa. Beste edari batzuk ere salgai izango dira.

 

Informazio osagarria behar izanez gero, jo turismo-bulegora: Aritzaga kalea, 1 ; 943 835 565 telefono zenbakian edo infoturismoa@orio.eus helbidean.

  • Asteartea: 09:30 – 13:00
  • Asteazkenetik ostiralera: 09:00 – 13:00 eta 16:00 – 19:00
  • Larunbata: 09:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
  • Igandea: 10:00 – 14:00