Udazkenari hasiera emateko, kontzertu bikoitza izango da larunbat honetan, irailaren 30ean, Herriko Plazan: Sua taldeak eskainiko du lehen emanaldia, 18:30ean, eta udako kultur programan iragarri zen bezala, 20:00ak aldera hasiko da Neomak taldearen saioa. Sarrera doakoa izango da.
Gaztetxotan trikitilari-txapelketatan bikoteka aritzen ziren Neomak taldeko kideak. 2014an, Kepa Junkeraren Sorginak pandero-jotzaile taldearen inguruan bildu ziren eta Euskal Herrian zein atzerrian aritu ziren trikitilari bizkaitarrarekin. Handik bost urtera sortu zuten Neomak taldea, pandero eta perkusiotik abiatuta, abangoardiara joz. 2022an kaleratu zuten taldearen izena daraman diskoa, eta ordutik plazaz plaza dabiltza. Orioko kontzertuan, besteak beste, beren bi doinu ezagun hauek joko dituzte: Hamen eta Ilargi berriak.
Sua, Neomak-en aurretik
Jatabeko musika-taldea da Sua, pop-rock estiloa jorratzen duena. 2018an sortu zen, eta hurrengo urtean Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen lauko bizkaitarrak. Urtebete geroago, Ordu Beltzak diskoa kaleratu zuten eta Gaztea Saria irabazi zuten.
Larunbatekoa, beraz, aukera ezin hobea izango da modako proposamen gazte eta indartsuez gozatzeko.