Abenduko San Nikolas jaiak eta Gabonetako oporraldia iritsi aurretik, ekitaldiz betetako udazkena izango dugu herrian. Orioko Udaleko Kultura sailak eta herriko eragileek elkarlanean atondu duten programak era askotako proposamenak bildu ditu: literatura, itsas ondarea, musika, kirola, moda, ikus-entzunezkoak eta antzerkia izango ditugu, besteak beste. Egitarau osoa jasotzen duen eskuorria gaur, irailak 30, banatu da etxez etxe.
Datorren asteazkenean, urriak 4, Jabier Iraola Gabilondoren Igeldoko historia eta istorioak liburuaren aurkezpenarekin abiatuko da programa, eta ostiraletik igandera, Mutiozabal Festa ederra ospatuko da errioaren bueltan. Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Orioko Udalak elkarlanean landutako ekitaldi berezia izango da, eta egitarauaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute biek aste honetan bertan. Hemen informazio guztia.
Kirol-jarduerei dagokienez, urriaren 7an egingo da 28. Surf Txapelketa, eta hilaren 21ean, bestalde, Behoria Garbia kanoa-jaitsiera, Begi Bistanek antolatuta. Egun horretan bertan, arratsaldez, Pello eta Nikolasa herriko erraldoiek gonbidatu bereziak jasoko dituzte etxean: Egues ibarreko erraldoiak. Tartean da Jorge Oteizaren figura ere, eta hura jaio zela 115 urte betetzen diren honetan, omenaldia egingo diote.
Hilaren 28a ere egutegian gorriz markatu beharreko data izango da, herriko eta inguruko moda-talentuen topaketa egingo baita Herriko Plazan, bigarrenez. Gure Altxorrak izeneko jaiaren antolatzaileek datozen asteetan emango dute egun horretako programaren berri.
Azaroko jardueren artean nabarmentzekoak dira, bestetik, azaroaren 17ko Barrexerka emanaldia, eta ikus-entzunezko bi dokumental ere proiektatuko dira kultur etxean: Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu, hilaren 8an, eta Iker Iriarteren Auzolanaren kultura, 29an. Musikarik ez da faltako udazken honetan, eta Salatxo Abesbatzaren 30. urteurreneko emanaldiaz gain, Xabier Lizaso Loidik Orioko elizako organoa ezagutzeko bisita gidatua egingo du azaroaren 18an.
Urtero bezala, Danbolin Musika eta Dantza Eskolak Santa Zezilia eguneko kalejira eta emanaldia egingo ditu azaroaren 22an, eta abenduaren 1ean, azkenik, Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sari-banaketa egingo da, arratsaldez.
– Urriak 4, asteazkena: Jabier Iraola Gabilondoren Igeldoko historia eta istorioak liburuaren aurkezpena, 19:00etan Salatxo aretoan.
– Urriaren 6tik 8ra, ostiraletik igandera: Mutiozabal Festa, Mutiozabal plazan eta Herriko Plazan.
– Urriak 7, larunbata: 28. Surf Txapelketa, hondartzan.
– Urriak 21, larunbata: Jorge Oteiza jaio zela 115 urte betetzeko ospakizuna Pello eta Nikolasa erraldoiekin eta Egues ibarreko erraldoien taldearekin. 18:00etatik aurrera, herrian barrena.
– Urriak 21, larunbata: Behoria Garbia kanoa-jaitsiera, Txokoaldetik Arraunetxera. Informazioa eta txartelak: Begi Bistan.
– Urriak 28, larunbata: Gure Altxorrak herriko eta inguruko moda-talentuen erakusketaren bigarren edizioa, Herriko Plazan.
– Azaroak 8, asteazkena: Beñat Gerekak zuzendutako Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren emanaldia, 19:00etan kultur etxean.
– Azaroaren 10etik 19ra: San Martin festak, Ortzaikan.
– Azaroak 13, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 3-6 urte arteko haurrentzat.
– Azaroak 16, osteguna: Pello Añorga ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 5-8 urte arteko haurrentzat.
– Azaroak 17, ostirala: Barrexerka ikuskizuna. 19.30ean kultur etxean. Sarrera: 2 euro.
– Azaroak 18, larunbata: Soinuaren magia bisita didaktikoa Xabier Lizaso Loidirekin, Orioko elizako organoa ezagutzeko, 11:30ean. Doan, aurrez izena emanda turismo-bulegoan.
– Azaroak 21, asteartea: Santa Zezilia eguneko kalejira eta emanaldia, Danbolin Musika eta Dantza Eskolarekin. 18:00etan, herrian barrena eta Herriko Plazan.
– Azaroak 25, larunbata: Salatxo Abesbatzaren 30. urteurreneko kontzertua, 13:00etan Herriko Plazan.
– Azaroak 29, asteazkena: Iker Iriartek zuzendutako Auzolanaren kultura dokumentalaren emanaldia, 19:00etan kultur etxean.
– Abenduak 1, ostirala: Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sari-banaketa. 18:30ean kultur etxean.