Joan zen astean bildu zen bigarren aldiz festa-batzordea, San Nikolas festetako programa lantzeko. Iaz bezala, omendutako norbanako edo elkartea aukeratzeko deialdi irekia egitea adostu dute. Honenbestez, ekarpenak bidaltzeko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik, helbide honetan: kultura@orio.eus. Eta mezuan informazio hau zehaztu beharko da: proposatutako hautagaiaren izen-abizenak edo elkartearen izena, eta omendua izateko arrazoiak.
Omendua izateko bi irizpide bete beharko dira:
– Oriotarra izatea edo herriarekin harreman zuzena izatea.
– Gizarte-, kultura- edo kirol-alorretan lan egitea.
Festa-batzordeak proposamen guztiak aztertuko ditu, eta horien artean, aurtengo omendua nor izango den erabakiko du.