Orioko skate-parkea egokitzeko proiektua abiatu zuen iaz Udalak, herriko erabiltzaileen eskaerari erantzunez. Uztailetik urrira egin dira lanak, eta hiru astez egon da lehortzen, zorua ondo gogortzeko. Honenbestez, urriaren 20tik aurrera, ostiralarekin, erabilgarri egongo da.
Skate-parke berriaren proiektua herriko erabiltzaileekin elkarlanean landu du Udalak, eta horrelako instalazioak eraikitzen espezializatuta dagoen Javier Labad arkitekto bizkaitarrarekin egin du diseinua. Lehen fasean skate-park zaharraren zati bat berritu zen, eta horrez gain, eremu berri bat sortu, street edo kaleko modalitatean aritzen direnentzat. Bigarren fasean, aldiz, bowl bat eraiki dute, katilu itxurako skate-pista bat.
Berritze-lanen helburua izan da erabiltzaile guztiei zuzendutako gune bat sortzea, kirol-modalitate honetan aspalditik dabiltzan herritarrei eta lehen urratsak egin nahi dituzten gazteei baliagarria izango zaiena.
Irekiera-festa, azaroaren 4an
Urriaren 20tik aurrera erabilgarri egongo bada ere, herriko erabiltzaileek skate-parkearen irekiera-festa egingo dute azaroaren 4an. Herritar guztiei zabaldutako hitzordua izango da, eta instalazio berria ezagutzeko eta probatzeko aukera izango dute erabiltzaileen laguntzarekin.
Datozen egunetan jakinaraziko dute egun horretako programa.