Urriaren 28an, larunbatarekin, Gure Altxorrak egitasmoaren bigarren edizioa egingo da herrian. Orioko eta inguruko moda-diseinatzaileen lana nabarmentzea eta herritarrei haien lana ezagutaraztea ditu helburu. Herriko gazte ekintzaileek abiatutako proiektua da, eta Udalaren babesa du.
Nikolas Iriondo eta Rosa Atorrasagasti oriotarrak ekintzailetza ikasten ari dira eta berek izan zuten proiektuaren ideia iaz. Ondoren, herriko diseinatzaile Goiuri Unanuerekin, Ione Iruretagoienarekin eta Jon Alkainekin jarri ziren harremanetan, Gure Altxorrak ekimenari forma emateko. Orioko modaren alorreko sortzaileei bultzada ematea du helburu festak, garai bateko Fashion Week programatik abiatuta, eta bigarren edizio honekin, egonkortzeko bidean da egitasmoa.
Egun osoko programa prestatu dute urriaren 28rako, Herriko Plazan:
- 12:00 – Azokaren irekiera: Sortzaile bakoitzak bere postua jarriko du, eta haien jantziak ikusteko eta erosteko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek.
- 12:00 – Haurrentzako tailerrak egingo dituzte, erabilitako arropari bigarren bizitza bat emateko.
- 17:00 – Haurrekin arropa bilduma bat nola sortzen den landuko dute.
- 19:30 – Haurren sorkuntzen desfilea.
- 20:00 – Moda-desfile handia, ekimenean parte hartzen duten sortzaileekin.
Aurtengoan, zazpi marka hauen lanak izango dira ikusgai desfilean:
- Soia Bridal eta Lama The Label (Goiuri Unanue oriotarraren markak)
- Ione Iruretagoiena (izen bereko sortzaile zubietarrarena)
- Darrk (Markel Velez zarauztarrarena)
- Ural (Jon Alkain oriotarrarena)
- Neran Nere Eran (Nerea Ruiz oriotarrarena)
- Indart(U) (Rosa Atorrasagasti oriotarrarena)
- Dsenlc (Ane Amas oriotarrarena)