Sanikolasetako herri-bazkariko txartelak salgai jarriko dira azaroaren 22an

 

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko ditugun San Nikolas jaien programa aste honen bukaeran iragarriko du Udalak, baina horren aurretik, egunen aurrerapena egin nahi izan du, festa- batzordearekin elkarlanean landu diren jardueren azalpen orokorra emateko.

– Ohi bezala, San Nikolas bezperan hasiko dira festak —aurten, asteartearekin—. Txupinazoa eta kontzertuak nagusituko dira egun horretan.

San Nikolas egunean, bestetik, ohiko ekitaldiak egingo dira: Kamel Ziani Krosa, Dantza Sueltoko Txapelketa, pilota-jaialdia, gazteentzako jolasak eta bertso-jaialdia.

San Nikolas bigarrena, ordea, parrandarako eguna izendatu du festa-batzordeak, eta egun horretan egingo da herri-bazkaria ere, kiroldegian. Hiru menu izango dira: helduena, beganoa eta haurrena; eta txartelak asteazken honetan, azaroaren 22an, jarriko dira salgai kultur etxean eta Kutixin. Antolatu senide eta lagunak ordurako!

Ostiralarekin bukatuko dira festa-egunak, nahiz eta asteburura ere luzatuko den jai-giroa.

Aurreratu bezala, aste honen bukaeran jakinaraziko da festen programa orokorra. Adi egon!