Pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eraginaren inguruko saioa egingo da urtarrilaren 16an

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA Gurasoak programaren bidez, Pornografia gaur egungo heziketa ote? hitzaldia izango da Orion urtarrilaren 16an, asteartearekin. Gurasoei zuzendutako saio dinamikoa izango da, 18:00etan hasita. Saioan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, hemen.

TREBA Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko.

Hitzaldi eta tailer ugari eskaintzen ditu programak, eta Orioren kasuan, pornografiak haur eta gazteen sexu-heziketan jokatzen duen paperari buruzko saioa egingo da.

Eider Goiburu aditu oriotarrak emango du saioa. Hitzaldian, nork bere burua ulertzeko tresnak eskainiko dituzte, eta zenbait dinamikaren bidez, gaiarekin lotura duten edukiak landuko dira, pixkanaka, auto-ezagutzaren bidean aurrera egiteko.

Hauek dira tailerraren helburuak:

  • Gaur egungo eredu pornografikoa aztertzea.
  • Nerabeen artean gailentzen den eredu pornografikoak iruditegian duen eragina azalaraztea, ikuspegi hezkidetzaile batetik.
  • Nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak eskaintzea.
  • Gurasoak sexualitate-eremuko heziketa-lanetan ahalduntzea.
  • Familiek dituzten bizipen, kezka, galdera, eta abarrak beste familiekin partekatzeko espazio bat sortzea.

Landuko diren edukiak eta gaitasunak

  • Gailentzen den pornografia-eredua eta ezaugarriak.
  • Pornografia eta nerabeen iruditegia.
  • Familien papera sexu-heziketan.
  • Sexu-heziketa hezkidetzaile batetarako gakoak.

Saioan parte hartzeko izen-ematea zabalik da lotura honen bidez. Hitzaldia antolatzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez 10 lagunek izena ematea; horregatik, Udalak dei egiten du ekimenaren berri zabaltzeko, interesa eduki dezaketen herritarren artean.

Edozein zalantza argitzeko, jo Orioko Udaleko Gazteria sailera, Julen Idarreta Cardona teknikariarengana.