Udalak amiantoa duten instalazioen errolda osatu du

Mutiozabal ontziolaren fatxadan amiantodun materialak erabili ziren. Eraikina berritu zenean erabat erretiratu zen.

 

Zuntz-zementua (fibrozementu gisa ezagunagoa) eraikuntzan asko erabili den materiala da, batez ere hodietan eta estalkietako eta fatxadetako materialetan. 2002an, fibrozementuaren, erabilera debekatu zuten amiantoa duelako eta osasunarentzat arriskutsua delako, batez ere manipulatzeko orduan.

2022az geroztik, udalak derrigortuta daude herrian amiantoa duten instalazioen eta kokalekuen errolda egitera, eta egutegi bat prestatu behar dute amiantoa erretiratzeko. Errolda eta egutegia publikoak dira, eta autonomia-erkidegoetako osasun-, ingurumen- eta lan-arloko agintari eskudunei bidali behar zaizkie.

Ondoren, agintariak arduratuko dira amiantoa duten instalazioak erretiratu direla ikuskatzeaz eta materialak kudeatzaile baimendu bati bidaltzeaz. Egutegia osatzeko, kontuan izango dira instalazioen eta haien kokalekuaren arriskugarritasun-maila, eta biztanle zaurgarrienek duten esposizioa. Nolanahi ere, arrisku handieneko instalazio edo kokaleku publikoak 2028a baino lehen kudeatu behar direla ezartzen du legeak.

Orioren kasua

Legeak ezarritakoa kontuan hartuta, Orioko Udalak amiantoa duten zuntz-zementuzko elementuen inbentarioa egin du, eta horien jabeei gutun bat bidaliko die datozen asteetan, erroldako fitxarekin.

Udalak, bestalde, neurriak hartu ditu amiantoa bere instalazio eta eraikinetatik erretiratzeko, eta ia guztia kendu du dagoeneko. Geratzen diren apurrak (nagusiki, lurperatutako hodietakoak), 2028a baino lehen erretiratuko ditu.

Errolda hau bizia izango da, eta beste toki batzuetan amiantodun zuntz-zementua dagoela ikusiz gero (eraikinetako ikuskapenen bitartez eta abar), horiek ere erroldara gehituko dira.