Txakur-gorotzak jasotzeko poltsak arduraz erabiltzeko deia egiten du Udalak

 

Udalak 90.000 poltsa jartzen ditu urtero herritarren eskura, txakurren gorotzak jasotzeko. Poltsa horiek herriko bederatzi tokitan hartu daitezke, doan, eta kale-garbiketako langileak arduratzen dira gune horiek hornitzeaz.

Poltsen kontsumoa nabarmen igo da azken urteetan, eta urtean 45.000 erostetik, bikoitza erostera igaro da Udala. Horrez gain, kale-garbiketako langileek Udalari aditzera eman diotenez, poltsa berriak jarri eta berehala hutsik topatzen dituzte kutxak sarritan; kasu askotan, egun batetik bestera.

Horregatik, poltsak arduraz erabiltzeko deia egiten die Udalak txakurren jabeei eta herritarrei. Poltsak neurririk gabe edo beste helburu batekin erabiltzen badira, hondakin gehiago sortzen da, eta, gainera, poltsarik gabe geratzen dira horien benetako erabiltzaileak: beren txakurren gorotzak jaso nahi dituzten jabeak.

Arduraz erabili, mesedez, Udalak guztiontzat jarritako baliabideak.