Joxe Etxeberria oriotarrak zura lantzen eman du bere bizitza profesionala, Arin y Embil enpresan, eta bere kasa ere aritu da taillak eta egur-lanak egiten. 2019an balea-arrantza irudikatzen duen lana eman zion dohaintzan Udalari, eta ordutik, udaletxeko udalbatzar aretoan dago jarrita. Orain, bere beste bi lan jarri ditu ikusgai kultur etxean.
Azalpen-oharra
Taillen alboan ohartxo bana ere jarri du Udalak, lanak nork egin dituen adieraziz eta haien historia laburra azalduz. Honela diote oharrek:
Gerra Zibileko biktima guztien oroimenez (1936-1939)
Pablo Picasso pintoreak 1937an margotu zuen Guernica, Espainiako Gerra Zibileko bonbardaketarik latzena irudikatzen duen obra. Margolan hori, geroztik, uso zuriarekin eta olibondo-kimuarekin batera, bakearen ikur unibertsal bihurtu da. Euskal Herriak munduari eman dion bakearen ikur indartsua.
Joxe Etxeberria Iñarra oriotarrak margolanaren zurezko erreplika egin eta Orioko Udalari eman zion dohaintzan.
Espainiako altxamendu militarrak gerra eta triskantza latza ekarri zuen; besteak beste, Oriotik betiko eraman zizkigun: Jose Manuel, Alejandro, Jazinto, Prudentzio, Juan, Bonifazio, Juan Antonio, Jose Mari, Jose, Jose Maria, Jose Lorentzo, Jose, Axentsio, Jose Franzisko, Domingo, Ramon, Anbrosio, Ignacio, Jose Maria, Kandido, Antonio, Felipe, Frantzisko, Jose Maria, Juan, Jose Mari, Frantzisko, Roger, Simon, Teodoro, Elizio, Baleriano, Kosme, Julian, Gabino eta Antonio (Iñaki Iturainen Gerra bat barruan degula liburuko izen-zerrenda).
Euskal Herriko uso guztiek,
oroimenaren hegaldia
altxatzen dutenean,
eraman dezatela mokotik zintzilik
olibondo-kimu bana,
bakearen eta adiskidetasunaren
seinale.*
Umezurtza, 2023
Irudiko argazkian ama bat eta bere umea eskutik helduta agertzen dira. Umezurtzei eskainitako egur-lana duzue hau, Joxe Etxeberriaren egoera pertsonalean oinarritua. Izan ere, 6 urte zituela galdu zuen ama artelanaren egileak.
Artearen historian entzutetsuak izan dira gurasorik gabe bizi diren haurrei egindako erretratuak, gurasoak hil ostekoak dira gehienak eta umeak bakarrik agertzen dira margolanetan.
Joxek 2023. urtean buru zuen lana eta amari eskutik helduta agertzen da haurra.