Martxan da UEMAren «Arnasetik» bideo-sormen lehiaketa, LH5etik DBH4ko gazteentzat

 

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) deituta, abian jarri berri da urteroko «Arnasetik» izeneko bideo-sormen lehiaketa, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH5etik DBH4ra). Aurtengoa lehiaketaren hirugarren edizioa izango da.

Ekimenak gogoeta piztu nahi du udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza-ohituren inguruan, teknologia berriak erabiltzeko daukaten ohitura eta erraztasuna baliatuz. Aktore-lanak edo bideo-grabazioa eta edizioa gustatzen zaien gazteak ditu helburu lehiaketak. Banaka aurkeztu daitezke lanak, edo taldeka, edo ikastetxearen izenean. Gehienez, 2 minutuko bideo laburrak dira egin beharrekoak.

Urriaren 31 izango da lanak aurkezteko azken eguna eta Udalak herriko gaztetxoak animatu nahi ditu parte hartzera.

Sariak

2.000 euro egongo dira saritan, 4 kategoriatan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euro balio duen saria izango du.

  • LH 5-6 kategoriako lanik onena (500 euroko saria).
  • DBH 1-2 kategoriako lanik onena (500 euroko saria).
  • DBH 3-4 kategoriako lanik onena (500 euroko saria).
  • Publikoaren saria (500 euroko saria).

500 euro balio duen sari bakoitza IrisarriLand-en, Durangoko Azokan edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Informazio gehiago, hemen.