Muntoko 46 etxebizitzen esleipen prozeduran parte hartzeko epea urriaren 18tik azaroaren 4ra ireki du Etxebidek

 

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean gaur kaleratu da Muntoko babes ofizialeko 46 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari hasiera ematen dion araua. Esleipen-prozeduran parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda saileko Etxebide zerbitzuan izena emanda egon behar da aldez aurretik, eta baldintzak betetzen dituzten herritarrek mail edo gutun bat jasoko dute prozesuan parte hartzeko onartuak izan direla jakinaraziz.

Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete behar dira:

– Errolda: Etxebiden izena emanda duen titularretako batek, gutxienez, Orioko udalerrian erroldatuta egotea agindu hau argitaratzen den datan. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar udalerri honetan erroldatuta daudenik, parte hartu ahal izateko.

– Etxebideko eskaera: Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Orioko udalerrian. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskaera-udalerria.

– Diru-sarrerak: 2023. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 43.753,71 euro baino handiagoak. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dituzte gutxieneko diru-sarrerak egiaztatu beharko. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Diru-sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira gaitasuna judizialki aldatu ez zaien eta bizikidetza-unitatearen parte diren adin nagusiko pertsona guztiak».

– Bizikidetza-unitatearen tamaina: Bizikidetza unitateak ez izatea 6 kide baino gehiago.

Etxebiden izena emateko, aukera hauek daude:

  • Telematikoki: Etxebideren webgunearen bidez.
  • Aurrez aurre: Zuzenean-en (aurrez hitzordua hartuta), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa
  • Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia, Gipuzkoa (Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin).