Orioko Udala Europako Gizarte Zerbitzuen Sarien finalean

Asteburu berezia bizi izan du Orioko Udalak Erroman, Europako Gizarte Zerbitzuen Sarien (ESSA 2026) finalean parte hartzeko aukera izan baitu.

Finalera iristea berez aitortza handia izan da, baina, batez ere, azken urteotan Orion gizarte-zerbitzuen arloan egindako lana eta herri gisa bizi izan dugun bilakaera Europako herri eta hiri handi eta ezagunen ondoan ikustea benetan hunkigarria izan da.

Urte hauetan, zaintza, ongizatea, komunitatea eta gizarte-justizia gure udal-jardunaren erdigunean jartzeko urratsak egin ditugu. Bide hori ez da proiektu jakin baten emaitza soilik, pertsona askoren lanaren, konpromisoaren eta elkarlanaren ondorioa baizik.

Erroman bizitako esperientziak egindako bideaz harro egoteko eta aurrera jarraitzeko indarra eman digu. Herri txikia gara, baina gauza handiak egiteko gaitasuna dugula erakutsi dugu.

Eskerrik asko bide honetan parte hartu duzuen guztioi. Finalera iristea zoragarria izan da; baina benetan pozten gaituena Orion elkarrekin eraikitzen ari garen herri eredua Europan ere balioan jarri izana da.