San Nikolas festetako herri bazkariko txartelak salgai daude turismo bulegoan

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko ditugu aurten San Nikolas festak. Orioko Udalak festa batzordearekin elkarlanean landu du egitaraua, eta azaroaren 28an argitaratuko da programa osoa. Horren aurretik, Udalak gaur jarri ditu salgai abenduaren 7an, larunbatarekin, egingo den herri bazkariko txartelak, turismo-bulegoan.

Bazkaria Karela kiroldegian egingo da, 14:30ean.

Izen-ematea eta antolaketa

Txartela erosteko momentuan, bost laguneko talde bakoitzeko arduradun baten izen-deiturak eta telefonoa eman beharko dira, auzolanean herri-bazkaria antolatzeko; adibidez, hamar laguneko talde batentzako txartelak erosi nahi badira, bi arduradunen izen-deiturak eman beharko dira. Horiez gain, edonork izango du aukera laguntzaileen lan-taldean izena emateko. Hala, arduradun horiek herri-bazkariaren egunean goizeko 10:00etan Karela kiroldegian egon beharko dute, muntaia lanetan laguntzeko. 

Parte-hartzaile ororen ardura izango da, beraz, otorduko lanetan laguntzea (mahaia jarri, hondakinak bildu…), festa denentzat gozagarriagoa izan dadin.

Menuak eta prezioak

  • Helduentzako menua 1.aukera: oilasko paella, haragi bolak saltsan, postrea eta kafea. Prezioa: 15 euro. 
  • Helduentzako menua 2.aukera: pasta entsalada, barazki hanburgesa tomatearekin, postrea eta kafea. Prezioa: 15 euro. 
  • Haurrentzako menua: makarroiak txorizoarekin, haragi bolak tomatearekin, postrea. Prezioa: 10 euro. 

Mahaien erreserbak taldeentzat

Goizeko 10:00etan elkartu eta herri bazkariko muntaketa egindakoan, bertaratutako arduradunek haien taldeentzako lekua erreserbatzeko aukera izango dute. 

Herri bazkariko antolaketa honekin, festa batzordeak parte-hartze prozesuan egindako gogoetari erantzuna eman nahi izan zaio,  auzolanean antolatutako herri-bazkari bat eginez.