Euskaraldiaren 4. edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta Euskaltzaleen Topaguneak pertsona bat kontratatuko du, Orion eta Aian edizio honetako lanak koordinatu eta dinamizatzeko. Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskaltzaleen Topaguneak eta horren bidez finantzatuko du kontratazioa.
Lankidetza-hitzarmenaren arabera, Euskaltzaleen Topaguneak hiru langile hartuko ditu gure eskualdean proiektua dinamizatzeko: bat, Aian eta Orion aritzeko; bestea, Zarautzerako; eta beste bat, Zumaia eta Getariarako.
Dagoeneko martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak. Abenduaren 8a da izena emateko azken eguna. 6 hilabetekoak izango dira kontratuak, egun erdikoak: 2025eko urtarrilaren 7tik ekainaren 6ra.
Langilearen eginkizunak
Orioko eta Aiako langilearen eginkizun nagusia bi herriotan Euskaraldia dinamizatzea izango da. Besteak beste, zeregin hauek bete beharko ditu:
- Herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini.
- Euskaraldiko Batzordea eratu, ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatzea eta dinamizatzea.
- Tokian tokiko komunikazio-plangintza bideratzea eta ekimena garatzea.
- Entitateen lanketa planifikatu eta garatzea.
- Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatzea.
- Herritarren eta entitateen izen ematea antolatzea.
- Balorazioa eta aurrera begirako urratsak adostea herriko euskaltzaleekin.
- Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzea. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartzea eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egotea, baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.
Deialdian parte hartzeko baldintzak
Hautagaiek bete beharreko baldintzak hauek dira:
- Euskara maila egokia izatea (idatziz zein ahoz).
- Orio, Aia eta eskualdea ezagutzea.
- Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
- Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
- Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimena herrian zabaldu eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia).
- Kudeaketarako gaitasuna izatea.
- Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika…).
- Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
- Ordutegi-malgutasuna izatea ezinbestekoa da.
- Gidabaimena eta autoa izatea baloratuko da.
Argibideak eta izen-ematea
Lan-deialdirako izen-ematea Lansarean webgunearen bidez egingo da:
Euskaraldiko dinamizatzailea Orion eta Aian (lansarean.eus)
Nolanahi ere, deialdiari buruzko argibideak jasotzeko edota curriculumak bidaltzeko helbide elektroniko hau ere eskuragarri dago: jon@topagunea.eus