Aurtengoa Stock Azokaren 9. edizioa izango da. Stock Azoka Orioko merkatari eta ostalarien elkarteak antolatzen du urtero abuztuaren bukaeran, udako denboraldiko jeneroari irteera emateko.
Azoka larunbatean eta igandean izango da, abuztuak 26 eta 27, eta Herriko Plazan egingo da. Larunbatean egun osoan izango da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, eta igandean, berriz, goizez: 10:00etatik 15:00etara.
Orioko 13 dendak jarriko dute postua aurtengo azokan.
‘Arkupe’ pintxoa eta beste jarduera osagarriak
Stock azokak irauten duen bitartean musika izango da plazan: DJ Aros arituko da disc-jockey lanean. Larunbatean, bestalde, haurrentzako puzgarriak ere izango dira.
Horrez gain, Arkupe elkarteko tabernariek ere parte hartuko dute azokan eta, horretarako, ‘Arkupe’ pintxoa sortu dute. Pintxo hori erosten dutenen artean zozketa egingo dute: 100 euroko txartela, azokako postuetan gastatzeko.
Azkenik, hondartzara datozen bisitariak herrigunera etor daitezen, doan izango dute txu-txu trena, aldez aurretik txartela hartuta Boga-boga tabernan eta Villa Antilla hotelean.