Peugeot 205 motako 100 ibilgailutik gora Euskal Herritik Marokora abiatuko dira igandean, otsailaren 16an. Bidaia solidario eta kulturala da, eta abiapuntua Orion izango dute, hondartzako aparkalekuan. 12:00etan martxan jarri aurretik, irteera-ekitaldia egingo dute hantxe bertan. Irteera ekitaldi horretan herriko Caritas elkarteari material solidarioa banatuko diote: 500 kilo inguru janari eta garbiketako produktuak.
Urtero hainbat herrialdetako parte-hartzaileek egiten dute hegoalderanzko bidaia, basamortuko haurrei eskola-materiala eta bizikletak eramateko. Izan ere, auto bakoitzean bizikleta bat eramango dute bidaiariek, eta guztira 40 kilo eskola-material banatuko dute basamortuko herrixketan. Helburura iristeko 12 egun beharko dituzte, guztira 4.000 kilometro eginda. Hemen duzue ekitaldiari buruzko informazioa.
Irteera, Oriotik
Peugeot 205ak igande goizean hasiko dira iristen Oriora. Hondartzako aparkalekuan haientzako gunea jarriko da, hotelaren parean eta ondoko aparkalekuetan eta, horrenbestez, asteburu osoan ezin izango da han aparkatu, ostiraletik igandera.
Goizean izen-emateak eta bestelako prestaketa-lanak egingo dituzte, eta 11:30ean hasiko da irteera-ekitaldia. Azkenik, 12:00etan, basamorturantz abiatuko dira, talde txikitan banatuta.