Verde Prato bakarlariak kontzertua emango du Orion apirilaren 11n

Verde Prato izen artistikoa duen Ana Arsuaga musikagile tolosarrak Bizitza eztia lan berria kaleratu berri du. Donato Dozzy italiarrarekin elkarlanean sortutako kantak zuzenean aurkezteko, kontzertua emango du Orion apirilaren 11n, ostiralarekin. Sarrerak martxoaren 19an, asteazkenarekin, jarriko dira salgai turismo-bulegoan.

Ahozko euskal tradizioa elektronikarekin eta poparekin uztartzen dituen artista indartsua da Verde Prato. Hirugarren diskoa du hau, eta “dolce vita” italiarrari egiten dio erreferentzia, euskaraz; izan ere, diskoko kantak Dozzy musikagilearekin elkarlanean sortu ditu hainbat urtez. 

Abesti berri horiek martxoaren 13an Bilboko Kafe Antzokian eskaini zituen lehen aldiz, eta aste honetan Donostiako Dabadaba aretoan izango da. Sarrerak ahituta daude dagoeneko. Bartzelona eta Paristik bueltan etorriko da Oriora, apirilaren 11n. 

Sarrerak martxoaren 19tik aurrera

Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta publikoak zutik ikus-entzun beharko du kontzertua. Sarrerak martxoaren 19an, asteazkenarekin, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 10 euroan.