Datorren astean jarriko dira abian Karela kiroldegiko ikastaroak

Orioko Udalak herriko kirol-zerbitzu berria jarri du martxan, eta irailaren hasieran kaleratu zuen 2025-26 ikasturteko Karela kiroldegiko jarduera-eskaintza. Izen-ematea zabalik dago oraindik, eta ikastaroak datorren astelehenean hasiko dira, irailaren 29an.

Aurtengo ikasturtean hainbat berrikuntza izan dira eskaintzan. Alde batetik, saio berriak eskainiko dira, hala nola, Cardio Fit, Zumba, Streaching Core eta Dantza +65; baita haurrentzako dantza modernoak ere. Horrez gain, jarduera batzuen ordutegiak zabaldu egin dira, eta eguerdiko tartean egin daitezke Cycling, Pilates edota Total Body bezalako ikastaroak.

Izen-emateak martxa onean doaz, eta jarduera batzuetan inskribatzeko aukera dago oraindik. Ikastaroen eskaintza osoa jarraian duzue ikusgai:

Abonamenduak eta gimnasioa

Abonamendu-sisteman, aldiz, ez da aldaketarik izan (eskuorrian ikusi ditzakezue), eta zerbitzuan izena emateko aukera egongo da urte osoan zehar. 

Abonatutako erabiltzaileek, hain zuzen, berritutako bi gimnasioak erabiltzeko aukera dute. Gimnasio zaharra handitu eta berritu egin da, eta makina berriak jarri dira muskulazioa lantzeko eta ariketa aerobikoak egiteko. Makinek internetera konexioa dute, pantaila eta entrenamendu-aukera zabala. Gimnasioan, gainera, begirale-zerbitzua eskainiko da, eta honen bidez, erabiltzaileek begiraleen aholkuak eta gomendioak jasotzeko aukera izango dute.

Haize Berriko gimnasio berria herriko kirol-elkarteek erabiliko dute, baita gainerako erabiltzaileek ere, ordutegi jakin batean. Datozen asteetan finkatuko da ordutegi hori, kirol-taldeen entrenamenduekin koordinatuta.

KOZ zerbitzua, laster

Urritik aurrera, Karela kiroldegian Kirol Orientazio Zerbitzua eskainiko da. Honen bidez, herritarrei laguntza eskainiko die kirolaren alorrean beren beharretara eta gustuetara egokitutako plan bat egiteko.

Zerbitzu honen berri laster emango du Udalak.