Ospele pilota taldeko kideek azkenekoz erabiliko dute bihar frontoia

Ospele pilota klubak antolatuta, haurren pilota partidak jokatuko dira bihar azkenekoz frontoian. Arratsaldean izango dira norgehiagokak, 16:00etatik 18:30tara, eta taldean aritzen diren neska-mutilek azken aukera izango dute egungo frontoia erabiltzeko. Astelehenean, hilak 10, frontoia erabat itxiko da eta ez da erabilgarri egongo.

Datorren astean, Eraikiru SL enpresaren esku utziko du frontoiaren azpiegitura Udalak, eta aurreikuspenen arabera, datorren astean, instalazioen bajak tramintatuko dituzte eta eraisketa lanak hasiko dira.

Lanok eragina izango dute herriguneko trafikoan, eta momentu batzuetan udaltzainak ariko dira trafikoa bideratzen, kamioien sartu-irtenak ondo kudeatzeko eta arazorik ez sortzeko. Horren berri aurrerago emango du Udalak.

Materialen bilketa

Udalak urrian jakinarazi zuen frontoiko hainbat elementu berrerabiltzeko asmoa, eta besteak beste, frontisa desmuntatzeko saiakera egingo du. Horrez gain, beste hainbat material jasotzeko aukera eman zitzaien herritarrei, eta dozena erdi bat lagunek azaldu zuten interesa. Udala haiekin harremanetan jarri da jada, eta egun hauetan bideratu da jasoketa eta entrega.