Martxan dira hondartza aldean aterpe klimatikoa sortzeko lanak 

Orioko Udalak urteak daramatza kirol-portuaren ondoko duna eremuan lanean. Gune hori 1998ko hondartzako Plan Partzialaren baitan gauzatu zen, eta ia 20 urteko ibilbidean, eremua lehengoratzeko neurriak hartu dira. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan. 

Orain, Orioko udalerria klima aldaketaren aurrean egokitzeko 2025-2030 planaren baitan eta klima aldaketari aurre egiteko asmoz, eremu horretan aterpe klimatiko bat sortzeko erabakia hartu du Udalak. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Naturklima Fundazioaren laguntza-deialdira aurkeztu zuen proiektua, eta ebazpena aldekoa izan da.

Laguntza honi lotuta, eraldaketa prozesua martxan jarri du jada Naturklima Fundazioak: desbrozaketa lanak egin dituzte azken asteetan, eta egunotan 400 zuhaixka landatzen ari dira. 2 eta 3 urte arteko zuhaitzak direnez, denbora beharko dute indartu, hazi eta itzala sortzeko.

Lanok bukatutakoan, hurrengo faseak diseinatzen jarraituko du Udalak, eta pixkanaka, herritarrak bertan egoteko eremuak sortzea da helburua.

Eremuaren iparraldeko duna eremu batzuk mantenduko dira

Duna eremuko gune zehatz batzuetan Linaria Supira babestutako landare-espeziea hazten da modu naturalean. Herrio natur taldearen laguntzarekin, landare horien kokapen zehatza identifikatu da, landarea babesteko eta aterpe klimatikoan, gainerako zuhaitzekin batera, txertatzeko. Udalak natur taldearen elkarlana eskertu nahi du, emandako laguntzagatik. 

Parapente-zaleentzako eremua lekuz aldatu da

Oriok parapentea praktikatzeko baldintza paregabeak eskaintzen ditu, eta legearen arabera, kirolariek edozein tokitan lur hartzeko aukera dute. Hori dela eta, Udalak eta parapentezaleek jarduera arautzea adostu zuten, segurtasuna eta bizikidetza egokia bermatzeko.

Aterpe klimatikoa dela-eta, lur hartzeko eremua lekuz aldatuko da, eta aurrerantzean, hondartzako ahateen eremuaren hegoaldean kokatuko da. Gune berria behar bezala mugatuta eta seinaleztatuta egongo da, orain arte bezala, istripuak saihesteko.

Orioko Udalak eremuaren erabileraren jarraipena egingo du, beste gaiekin bezala, sortu daitezkeen gorabeheren edo aldaketen aurrean erabakiak hartzeko.