Ekialdeko Errege Magoen gutun bat jaso dugu udaletxean. Bertan esaten digutenez, nahiko kezkatuta daude aurten ez baitute guregana, Oriora, etortzeko ibilbidea topatzen. Ez dute GPSrik ez Google Maps-ik eta Oriora etortzeko jarraitu beharreko azalpenak ez zaizkie iritsi.
Normalean herritar talde batek bidaltzen dizkie ibilbidearen inguruko nondik norakoak, baina aurten Oriotik ez zaie ezer iritsi.
Harrituta daude, orain artekoak Talai Mendiko lagunekin oso ondo funtzionatu baitu eta esan digute harrera bikaina antolatu izan dietela beti. Esker onez azaldu dira hiru Errege Magoak, urte luze hauetan guztietan Talai Mendikoek egin duten lana estimatuz.
Ulertzen dute, urteak aurrera joan direla eta Talai Mendiko lagunek beste lan batzuei ere arreta jarri beharrean daudela. Horregatik guztiagatik, hiru Errege Magoek laguntza bila idatzi digute udaletxera, alegia, aurtengo errege kabalgata antolatzeko ea herritar talde bat osatzeko moduan izango garen galdetuz.
Honen inguruan hitz egiteko, urriaren 23an bilera bat antolatuko dugu Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Erregeen konfiantza osoa duen pajea egongo da, eta beren eskakizunaren nondik norakoa azalduko dizue. Bilerara herritar asko gerturatzea espero dute, beren laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa izango baita kabalgataren ohiturari eusteko.
Bilera horretatik sortu daitekeen ekimenaren berri izateko gogotsu gelditzen direla jakinarazi digute hiru erregeek beren gutunean, Orioko bidea lehenbailehen bideratzeko.
Lourdes Salsamendi
Kultura / Turismo Zinegotzia