Urteko hilabete ilunenei argi pixka bat jartzera dator neguko programa! Hain zuzen, gaur banatu da etxez etxe urtarrileko, otsaileko eta martxoko jarduera sorta jasotzen duen eskuorria. Ohikoa den bezala, askotariko proposamenak bildu ditu, adin eta interes guztietako herritarrei zuzenduta, eta herriko eragileekin elkarlanean osatu da.
Lehen hitzordua bihar izango da, Oteiza. 14 apostolu dokumentalaren estreinaldia. Emanaldia kultur etxean egingo da, 19:00etatik aurrera, eta proiekzioaren ondoren, Oskar Alegria zuzendariarekin solasaldia antolatu da. Informazio guztia, hemen.
Otsaileko egitarauak urteroko hitzordu ezagunak eta jarduera bereziak uztartuko ditu. Ohiko ekitaldien artean, ikastetxeek antolatutako Santa Ageda eskea, Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren urteroko dantza-emanaldia, eta Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa izango dira, besteak beste.
Horiez gain, gai ezberdinak hizpide izango dituzten hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruak egingo dira. Tartean, Indarkeria matxisten aurrean, erreparazio feminista izeneko hitzaldia eskainiko du Sheila Melcon adituak. Eta musika eta literatura uztartuko dituzte Jabier Muguruza eta Bernardo Atxagak Paradisua eta katuak errezitaldi musikatuan.
Parte-hartzeari lotuta, festa batzordea indartzeko lansaio irekia egingo da otsailaren 21ean, larunbatarekin, eta zaintzari lotutako programazioaren barruan, Zahartzeko manerak euskal literaturan mahai-ingurua antolatu da, Arantxa Urretabizkaia, Mari Luz Esteban, Yolanda Arrieta eta Iratxe Retolazarekin. Haurrentzat, azkenik, Txepeldunak ikuskizuna eskainiko da otsailaren 28an.
Martxoaren hasieran, Oriako Traineru Jaitsiera eta Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren hileroko saioa izango dira lehen asteetan. Hilaren 12tik aurrera, berriz, 24. Korrikaren etorreraren harira, Korrika Kulturala antolatuko da. Egitarau horren barruan, dozena erdi jarduera egingo dira: helduentzako ipuin-kontaketa saioa, Mikel Markezen kontzertua, Harribil Dantza Taldearen emanaldia, eta Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako 2026ko eskualdeko finala, besteak beste.
Hitzordu guztiak, Agenda atalean.
