Zabalik da Balearen Eguneko kartel-lehiaketan parte hartzeko epea, martxoaren 19ra arte

Usoa Zulaikak 2022ko Balearen Egunerako egin zuen kartela.

Datorren maiatzaren 16an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da herrian, eta kartela osatzeko, kartel-lehiaketa antolatuko da bigarrenez. Izena emateko epea gaurtik aurrera egongo da zabalik, otsailak 16, eta lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 19a izango da. Bi multzo bereiziko dira: gaztetxoena, 18 urtetik beherakoentzat, eta helduena, 18 urtetik gorakoentzat.

Helduen saileko irabazlearena izango da 2026ko Balearen Eguneko kartela. Irabazleak 300 euroko diru-saria jasoko du, eta horrez gain, 150 euroko bonua izango du herriko establezimenduetan gastatzeko.

Gaztetxoen irabazleak, aldiz, 100 euroko diru-saria jasoko du, eta 100 euroko bonua emango zaio herriko establezimenduetan gastatzeko.

Lehiaketaren oinarriak:

1.- Parte-hartzaileak.

1.1. Taldeak. Kartel-lehiaketaren parte-hartzaileak bi multzotan banatuko dira:

  • Helduen taldea: 18 urtetik gorakoak.
  • Gaztetxoen taldea: 18 urtez azpikoak.

2.- Lanaren ezaugarriak.

2.1. Formatua. Edozein kolore edo eratako lanak onartuko dira: argazkia, collagea, pintura, eta abar. Lanen neurriak honako hauek izan behar dute:

  • Helduen taldea: A3 neurriko formatu digitalizatu batean (PDF edo JPG formatuan, 300 ppp-ko bereizmenarekin) eta, hala nahi izanez gero, A3 neurriko euskarri fisikoan (62 x 88 cm-ko proportzioarekin).
  • Gaztetxoen taldea: A4 neurriko euskarri fisikoan (21 x 29,7 cm-ko orrialdean)

Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du.

2.2. Testua. Karteletan, derrigorrean azaldu beharko du Balearen Eguna 2026. Maiatzak 16 testuak, norberak egokien ikusten duen moduan. Gaztetxoen taldean, parte-hartzaileen adinaren arabera, salbuespena egingo da.

2.3. Originaltsuna. Lanak inoiz argitaratu gabeak izango dira.

3.- Aurkezpena.

3.1. Lanak aurkezteko bideak:

  • Bertsio digitalean: Orio.eus webgunean erregistro elektroniko bidez, eskaera orokorra eginda.
  • Bertsio fisikoan: Orioko Udaleko harreran, gutun-azal batean sartuta.

3.2. Epea. Lanak bidaltzeko azken eguna 2026ko martxoaren 19a izango da, 12:00etan.

3.3. Egilearen datu hauek eman beharko dira lanak entregatzearekin batera:

  • Egilearen izen-abizenak
  • Telefonoa
  • Posta elektronikoa
  • NAN zenbakia
  • Kategoria (Helduena ala Gaztetxoena)

4.- Sariak.

4.1. Kartela. Helduen taldeko irabazlearena izango da 2026ko Balearen Eguneko kartela.

4.2. Sariak:

  • Helduen taldeko irabazlearentzat: 300 euro + 150 euro bonuetan
  • Gaztetxoen taldeko irabazlearentzat: 100 euro + 100 euro bonuetan

4.3. Gutxieneko kalitatea. Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate-mailarik ez badute.

5.- Epaimahaia.

5.1. Osaketa. Epaimahaia Orioko Udaleko bi zinegotzik, Orioko alkateak (eskumena izango du erabakimena beste udal ordezkari bati emateko) eta herriko artista batek osatuko dute.

5.2. Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: originaltasuna, estetika, ekitaldiarekiko harremana, koloreen aukeraketa, sormena eta diseinua. Epaimahaia martxoaren 24an bilduko da, 13:00etan, lanak aztertzeko eta irabazleak hautatzeko.

5.3. Irabazleak. Martxoaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.

6.- Bestelakoak.

6.1. Saritutako lanak Orioko Udalaren esku geldituko dira eta, argitaratzeko, ezagutarazteko eta abarretarako eskubide guztiak izango ditu Udalak.

6.2. Ez dira onartuko adimen artifizialarekin egindako lanak. Proposamenen bat adimen artifizialarekin sortua dela frogatuz gero, lehiaketatik kanpo geratuko da.

6.2. Oinarrien onarpena. Lehiaketara aurkezteak oinarri arautzaileak goitik behera onartzea dakar.