Mikel Markezek disko berriaren aurkezpen kontzertua emango du Orion, eta sarrerak ostegunean jarriko dira salgai

Ostegun honetan, martxoak 12, hasiko da 24. Korrikaren etorrerari lotutako Korrika Kulturala. Lehen emanaldia kultur etxean izango da, eta zaintzaren programaren barruan, Jone, batzuetan filmaren proiekzioa egingo da 19:00etatik aurrera. Martxoaren 18an, halaber, Mikel Markezen kontzertua antolatu da kultur etxean, eta emanaldirako sarrerak ostegun honetan jarriko dira salgai turismo-bulegoan.

Martxoaren 19an Atharratzen hasiko da 24. Korrika, eta hilaren 29ra arte, Euskal Herriko txokoak igaroko ditu, Bilbora bidean. Oriora martxoaren 25ean iritsiko da Usurbildik, 15:00ak aurretik, eta Zarautzera bidean, 11 kilometro egingo ditu herrian.

Giroa berotzen hasteko, herriko Korrika Batzordeak astebeteko programa prestatu du, Korrika Kulturala. Herriko eragileekin elkarlanean sortutako egitaraua da:

  • Martxoak 12, osteguna: Jone, batzuetan filmaren proiekzioa, 19:00etan kultur etxean (zaintzaren programaren barruan).
  • Martxoak 13, ostirala: Harribil dantza taldearen emanaldia, 19:30ean Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 14, larunbata: Salatxo abesbatzaren udaberriko kontzertua, 12:30ean Elizako zimitorioan.
  • Martxoak 14, larunbata: Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren 2026ko eskualdeko finala, 18:00etan Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 15, igandea: 80 amandre helduentzako ipuin-kontaketa saioa, 18:00etan Etxeluze gaztetxean.
  • Martxoak 18, asteazkena: Mikel Markezen kontzertua, 19:30ean kultur etxean.

Kontzerturako sarrerak, martxoaren 12an

Mikel Markezen emanaldirako sarrerak ostegunean, martxoak 12, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 5 euroan. Sarrerak 17:00etatik aurrera egongo dira eskuragai.

Musika munduan ibilbide luzea egin du Markez Orioko bizilagunak, eta aurten, disko berria plazaratuko du: Gezurrari zor. Orioko emanaldia berezia izango da, diskoaren aurkezpen kontzertua izango baita.

Oholtzan, Markezekin batera izango dira Arkaitz Miner eta Iker Lauroba musikariak, eta haiekin batera, gonbidatu modura, Jon Sarasuak parte hartuko du.