Plazaren sarrera nagusietan seinale berriak jarri ditu Udalak, inguru hori oinezkoen gune dela adierazten dutenak.
Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, plazan galarazita dago bizikleta gainean edo patinetean zirkulatzea. Bizikletatik jaitsi eta eskuan hartu behar da, oinezkoen gunea zeharkatzeko, eta gauza bera egin behar dute patinetean doazenek.
Hondakin-ontzi berriak
Hondakin-ontzi berriak ere instalatu ditu Udalak egunotan, plazan eta Tragoxka tabernaren parean. Plazako hondakin-ontziak igogailura doan pasabidean daude orain, baina laster lehengo lekuan jarriko dira, kioskoaren azpian, Kolon Txiki tabernaren paretsuan.
Toldoa
Plazan kultur edo kirol emanaldiak direnerako, goitik beherako toldo bat instalatuko du Udalak, agertokia haizeaz eta euriaz babesteko balioko duena. Egun hauetan ari dira toldo hori instalatzen eta astebururako prest izango da.
Premiaren arabera, baliteke aurrerantzean aldaketa txikiren bat edo beste egitea oraindik plaza inguruko ekipamenduetan; baina, horrenbestez, bukatutzat jotzen ditu Udalak Herriko Plazako lanak. Luze eta lantsua izan da prozesua, baina herritarrek gune eder bat irabazi dute, erabili eta gozatzeko.