Datorren astean hasiko dira Andra Mari ingurua eraberritzeko lanak, eta gutxi gorabehera 10 hilabeteko iraupena izango dute. Moyua enpresak egingo ditu obrak, Udalak egindako lizitazio publikoaren ondoren.
Proiektua zehazteko, Udalak aurretik ideia-lehiaketa eta herritarrekin parte-hartze prozesua egin zituen. Ondoren, lehiaketaren irabazleekin proiektua landu eta herritarren ekarpenak txertatu ziren, azkenik exekuzio-proiektua osatzeko eta obra lizitaziora ateratzeko.
Obrak hiru fase nagusitan egingo dira, eta fase guztietan bermatuko da inguruko eraikinetara sartzeko irisgarritasuna: Anbulatoriora, Eguneko Zentrora, Kiroldegira, Andramariko bizilagunen etxeetara, Ikastolara eta Arrantzale eta Kaia kaleetako atarietara eta komertzioetara.
Hiru fase nagusi
Lehen fasea: euri-uren bilketa sistema berria eta ponpaketa-sistema prestatuko dira, inguruan gertatzen diren uholdeak ekiditeko. Fase honek eragin handiena izango du Kiroldegiaren inguruan.
Bigarren fasea: Andra Mari inguruko plazoletan egingo dira lanak.
Hirugarren fasea: Arrantzale eta Kaia kaleen inguruan egingo dira lanak.
Fase batzuk une jakinetan gainjarri egingo dira, obraren erritmoa eta epeak ahalik eta gehien optimizatzeko. Nolanahi ere, Udalak fase bakoitzaren inguruko informazio zehatza emango du, ohiko komunikazio-kanalen bidez, herritarrek uneoro jakin dezaten zer lan egingo diren eta zer eragin izango duten. Obrek eragingo dituzten eragozpenak ahalik eta gehien murrizten saiatuko da Udala, eta fase bakoitzean beharrezko informazioa eta aldaketen berri emango zaie herritarrei.
Zabor bilketan eta trafikoan aldaketak
Irailaren hasieran, obrak horrela eskatuta, Arrantzale kaleko zaborgunea Balea kalera lekuz aldatuko da, Kiroldegiko garaje-sarreraren ondora.
Aldaketa horren ondorioz, zabor-bilketa modu seguruan egin ahal izateko —ontziak kamioiaren eskuinaldean kokatu behar baitira jasoketa egiteko—, Palota kalearen noranzkoa aldatuko da.
Obra hauek, zalantzarik gabe, eragozpenak eta aldaketak ekarriko dituzte egunerokoan, eta horregatik, Udalak herritarren pazientzia, ulermena eta lankidetza eskatu nahi ditu datozen hilabeteetarako.
Badakigu 10 hilabeteko obra batek eragina izango duela inguruko bizilagun, komertzio eta erabiltzaileengan, eta ahalik eta arreta handiena jarriko dugu eragozpen horiek gutxitzeko eta lanen berri behar bezala emateko.
