Gaur, urriak 16, ostirala, ‘Ehiztari ehizatua’ haurrentzako antzerki-emanaldia izango da Kultur Etxean, 17:30ean, udazkeneko programazioaren barruan.
Eguraldia dela eta, hasieran Herriko Plazan egitekoa zen emanaldia Kultur Etxera lekualdatu da.
Patata Tropikalak sortutako ikuskizunak txotxongiloak eta antzerkia uztartzen ditu, eta bertsolaritzak, kritikak eta, batez ere, umoreak ere izango dute lekua.
Baserri giroan kokatutako istorioan, Peli protagonistak egun batzuk igaroko ditu Izeba Joxeparen baserrian. Bertan, bertsoak abesten dituen igel bat, tranpa batean eroritako azeritxo bat eta bestelako pertsonaia eta abenturak ezagutuko ditu. Halako batean, gainera, liburu magiko bat agertuko da, eta Izeba Joxepak istorioa modu berezi batean kontatuko du, txotxongiloen bidez.
Kolorez eta umorez betetako proposamena da, haurrek antzerkiaz eta txotxongiloez gozatzeko pentsatua.
