Orioko Udalak ‘Gure Gaskuña’ ontziaren egoerari lehenbailehen irtenbidea emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

40 egun igaro dira Gure Gaskuña ontziak su hartu zuenetik, eta oraindik erdi hondoratuta dago Orioko kanpo-portuan.
Udalak egoeraren jarraipena egin du hasieratik, baina azken gertakariak direla medio, informazio-eskaera formal bat helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Portu Sailari, ontziaren egoera, aurreikusitako jarduketak eta segurtasun-neurriak argitzeko.

Irailaren 24an Gure Gaskuña ontziak su hartu zuen Orioko kanpo-portuan, eta ordutik erdi hondoratuta dago bertan. Gertakariaren biharamunean, Orioko Udaleko ordezkariak bertaratu ziren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Une hartan jakinarazi zitzaienez, lau eguneko epea zegoen jarduketa-plan bat aurkezteko, eta marea biziak aprobetxatzea aurreikusten zen ontzia lehorreratzeko.

40 egun igaro dira ordutik, eta ontziak toki berean jarraitzen du. Denbora horretan, Orioko Udalak hainbat aldiz eskatu du egoeraren inguruko informazioa, telefonoz zein idatziz, aurreikusitako jarduketen eta epeen berri izateko. Jaurlaritzari egoeraren inguruko informazioa eskatu zaion aldiro, egoera kontrolpean dagoela erantzun du.

Azken egunotan, ordea, kezka areagotu egin da erregaiaren presentziarekin lotuta egon daitezkeen orbanak eta usainak antzeman direlako. Abisu horiek tarteko, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere bertaratu dira. 

Informazio-eskaera formala Eusko Jaurlaritzari

Egoerak bere horretan jarraitzen duela eta herritarren kezka handitu dela ikusita, Orioko Udalak urrats bat gehiago egitea erabaki du. Orain arteko jarraipen informalaren ondoren, ontziaren egoeraren kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Portu Sailaren eskumenekoa dela kontuan hartuta, Orioko Udalak informazio-eskaera formal bat erregistratu zuen azaroaren 2an. Bertan, ontziaren egungo egoerari, orain arte egindako azterketei eta jarduketei, izan daitezkeen ingurumen-arriskuei, hartutako prebentzio-neurriei eta ontzia lehorreratzeko edo lekualdatzeko aurreikusitako epeei buruzko informazio zehatza eskatu du.

Orioko Udalak egoerari lehenbailehen irtenbidea emateko beharra berretsi du, herritarren segurtasuna eta Oria ibaiaren babesa lehenetsiz. Era berean, erakunde eskudunekin harremanetan eta egoeraren jarraipena egiten jarraituko du, herritarrei informazio eguneratua helarazteko.