Gaztetxearen ingurua eta Ortzaikako bidegorria lotzen dituen zati berriak 212.748 euroko kostua izan du, eta Udalak 100.000 euroko dirulaguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentutik. Eregi SL enpresak gauzatu du proiektua, Orioko bidegorri-sarea osatzeko plangintzaren barruan.
Bidegorri berriaren helburu nagusietako bat oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egokia eta segurua bermatzea da. Izan ere, inguruak ezaugarri aproposak ditu bizikletaz zein oinez ibiltzeko: eremu laua da eta Oria ibaiaren ertzetik igarotzen da.
Herriko bidegorri-sarea osatzeko beste urrats bat
Lan honekin, urrats garrantzitsua eman da herriko ekialdeko ardatza osatzeko bidean, Ortzaikatik Kaiaraino doan ibilbidean.
Etorkizunera begira, Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan izango dira. Eremu horiek garatzen direnean, bidegorriaren hurrengo zatia ere egitea aurreikusten du Udalak.
Helburua da, pixkanaka, herriko hainbat gune lotuko dituen bidegorri-sare jarraitua osatzea eta eguneroko joan-etorrietan oinezkoen zein bizikleten mugikortasun segurua eta erosoa sustatzea.
