Negua gerturatzen ari den honetan, kale gorrian edo etxerik gabe bizi diren pertsonen egoerari erantzuteko asmoz, mantak biltzeko elkartasun-deialdia egin du Donostiako Harrera Sareak.
Ekimenarekin bat egin du Orioko Ireki Begik elkarteak, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko mantak jasotzeko gunea jarriko du Herriko plazan, azaroaren 21ean, 11:00etatik 13:00etara.
Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzera, etxean erabilera onean dituzten mantak dohaintzan emanez. Bildutako mantak kalean bizi diren edo etxebizitza-egoera larrian dauden pertsonengana bideratuko dira.
Ekimen hau Donostiako Harrera Sarearen lanarekin bat dator. Donostiako Harrera Sarea boluntarioek osatutako herritar-sarea da, eta migratzaileei nahiz bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonei laguntza eta harrera eskaintzen die.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete aldez aurretik ekimenarekin bat egingo duten herritar guztiei, elkartasun-keinu txiki batek pertsona askoren egunerokoa hobetzen lagun dezakeelako.
