Kaleko edukiontzien mapa berrituko du Udalak

oriokoudalazabala

Honekin Orioko udalak beste urrats bat egingo du 2015. urte hasierarako %65eko birziklatze-tasa lortzeko bidean. Hondakinen mahaian lehenik eta Obra eta Zerbitzuetako batzordean ondoren adostutako edukiontzien mapa berria da martxan jarriko dena. Helburua bakarra, herriko birziklatze-tasa igotzea.

Urola Kostako Udal Elkartearen laguntza ekonomikoari esker, datorren astetik aurrera etxean, komertzio nahiz elkarte gastronomikoetan sortutako hondakinak bereizita botatzeko birziklatze-puntu gehiago izango dira Orion.

Birziklatzea errazteko baliabideak jartzearekin batera, hondakinak nahastuta botatzeko ohitura dutenei bidea zailduko zaie neurri horrekin, erreusarentzat den baina gaur egun dena nahastuta botatzeko ere erabiltzen diren edukiontzi berdeen kopurua %60 murriztuko delako. Aldiz, bio-hondakina edo materia organikoa bereizita botatzeko ontzi kopurua hirukoiztu egingo da. Organikoa ondo bereizita botatzeari eman nahi izan zaio garrantzia; izan ere, frakzio hau da gaur egun gutxien bereizten dena Orioko etxe, komertzio eta elkarte gastronomikoetan. Mapa berriarekin Orion dauden edukiontzien kopurua %10 gutxituko da. Bio-hondakinen ontzia (edukiontzi marroia) erabiltzen hasi nahi dutenek udaletxean jaso ahal izango dute kubo txikia eta edukiontzia irekitzeko giltza.

Kaleko edukiontzien mapa berria diseinatzerakoan, kontuan hartu diren irizpideak hauek izan dira: birziklatze-puntu bakoitzean errefusa botatzeko edukiontzi berde kopurua erdira jeistea, birziklatze-puntu bakoitzean gutxienez bio-hondakina edo organikoa botatzeko edukiontzi bat jartzea eta errefusa botatzeko edukiontziak bakarrik dauden guneak kendu edo berrantolatzea.

Hondakinen mahaiak mezu garbia helarazi nahi die herritar guztiei: sortzen dugun hondakina ondo bereizi eta birziklatu behar dugu. Denon ardura da gaur egun %36 ageri den panelean (udaletxeko balkoikoan) 2015. urte hasieran %65 ikustea.

Bestalde, auzokonposta egiten hasi nahi duten herritarrei gogorarazi nahi zaie udaletxera deitu 943830346 telefonora edo bulegoak@oriokoudala.com helbide elektronikora idatzi dezaketela izena emateko. Zerrendan sartu nahi duen herritarrak non bizi den azaldu beharko du. Eskaeraren arabera, auzokonposta gune berriak egiteko aukera aztertuko du Udalak.