Udalbatzarrak urriaren 30ean egindako bilkuran, besteak beste, mozio bat onartu zuen, Kataluniako kontsultaren gaiari buruz. Zinegotzi guztiek –hiru alderdietakoek– bozkatu zuten mozioaren alde.
Honako hau da onartutako mozioaren testua, hitzez hitz:
KONSTITUZIO-AUZITEGIAK KATALUNIAKO KONTSULTA BEHIN-BEHINEKOZ BERTAN BEHERA UZTEKO HARTUTAKO ERABAKIARI BURUZKO MOZIOA
2014ko irailaren 19an, Kataluniako Parlamentuak irailaren 26ko Kataluniako 10/2014 Legea onartu zuen, aldeko 106 botorekin eta aurkako 28rekin. Berresteko ez diren herri-kontsultei eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege hori 2014ko irailaren 27an argitaratu zen Kataluniako Generalitataren Aldizkari Ofizialean.
Halaber, egun bereko aldizkariaren eranskin gisa argitaratu ziren Kataluniako Generalitateko presidentearen irailaren 26ko 129/2014 Dekretua (Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko kontsulta deitzekoa) eta horren eranskinak.
2014ko irailaren 29an, Mariano Rajoyren gobernuak erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea Konstituzio Auzitegian, eskatzeko legea eta dekretua behin-behinekoz bertan behera utz zitzaten.
Irailaren 29an bertan, Konstituzio Auzitegiak erabaki zuen bi arau-testuak behin-behinekoz bertan behera uztea.
Horregatik guztiagatik, Orioko Udaleko Osoko Bilkurak, hau erabaki du:
ERABAKIA
1.- Orioko Udalak defendatzen du herriek eta pertsonek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna dutela, berriki Eskozian ikusi den moduan. Izan ere, Orioko Udalaren ustez, etorkizuna ezin da inposizioekin eraiki, oinarri demokratikoen eta herriek eta pertsonek adierazitako borondate askearen gainean eraiki behar da.
2.- Orioko Udala ez dago inola ere ados Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiarekin, katalanek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidearen aurkakoak baitira.
3.- Orioko Udalak eskatzen dio Konstituzio Auzitegiari bi xedapen horiek behin-behinekoz bertan behera uzteko erabakian atzera egiteko eta aukera emateko katalanei 2014ko azaroaren 9an askatasunez adierazteko beren iritzia.
4.- Orioko Udalak erabaki hau Espainiako Gobernuari, Konstituzio Auzitegiari eta Kataluniako Generalitatari bidaliko dio.