Orioko Udalak eskaera formala egin die Jaurlaritzari eta Aldundiari, haiekiko harremanak beti euskaraz bideratzeko

UEMAko beste hainbat udalek egin duten bezala, Orioko Udalak gutunak bidali ditu Eusko Jaurlaritzara eta Gipuzkoako Foru Aldundira, eta adierazi die bi erakundeei, aurrerantzean, beti euskaraz nahi lukeela izan haiekiko harremana.

Ekimen hau Udalak 2013ko azaroan onartutako 2013-2017rako Euskararen Erabilera Planaren barruan dago.

Harremana euskaraz izango dela bermatu

Orioko Udala 2002az geroztik da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide, eta azken urteotan ahalegin handia egin du bere funtzionamendua euskalduntzeko. Ahalegin horren ondorioz, gaur egun, Udala gai da euskaraz funtzionatzeko eta herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko.

Goragoko erakundeetan ere nabarmen hobetu da euskararen egoera azken urteotan eta, beraz, Orioko Udalak, UEMAko beste hainbat herrirekin batera, pentsatu du une egokia zela aurrerapauso bat emateko eta instituzioen arteko harremanetarako hizkuntza aurrerantzean euskara izango dela bermatzeko.

UEMAk bultzatutako ekimena

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, administrazioaren euskalduntzea helburu duen urrats honekin beste bultzada bat eman nahi diote euskararen erabilerari instituzioen arteko harremanetan. “UEMAko udalak eredu eta erreferentzia dira euskararen erabilerari dagokionez. Eta administrazio publikoan sortu ditugun euskararen arnasguneak baliatu nahi ditugu beste instituzioetan ere euskararen erabilera normalizatzen laguntzeko”.