Bisiguaren Festarako txartelak oriotarrentzat jartzen dira salgai aurrena eta, ondoren, irekitzen da epea gainontzekoek ere erosteko. Oriotarrentzako lehentasunezko epea uztailaren 2an bukatuko da eta hortik aurrera, beraz, edozeinek izango du erostea.
Nolanahi ere, larunbateko eta igandeko otorduetarako txartel guztiak salduta daude dagoeneko eta ostegun eta ostiraleko afaritarako bakarrik geratzen dira txartelak.
Zortzigarren edizioa
Bisiguaren Festaren zortzigarren edizioa egingo da aurten, uztailaren 16an hasi eta 19an amaituta. Aurreko urteetan bezala, aurten ere herriko plaza jaialdi gastronomikoaren gune nagusi bilakatuko da. Bertan egingo dira festaren oinarri diren bost otorduak.
Erreserbak 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Telefono hori turismo bulegokoa da eta kontuan izan behar da igande arratsaldean bulegoa itxita egoten dela.
Otordua 50 eurotan
Orioko plazako jatetxe dotorean bisigua prezio egokian dastatzeko aukera izango da. Txartelen prezioa 50 €koa da, eta menua honako hau izango da:
- Antxoak gatzetan
- Tomate entsalada hegaluzearekin
- Zainzuriak
- Bisigua parrillan
- Postrea
Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.
Bisigua erretzen, orain arteko edizioetan bezala, Joxe Miel Zendoia (Katxina), Luis Mari Uranga (Xixario) eta Mikel Manterola (Joxe Mari) izango dira. Orioko Udalaren izenean, eskerrik asko hiruroi!
Animatu zaitezte eta gozatu!