Ikasturte berriarekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun egitasmoa jarri du martxan berriro, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin batera. Zerbitzua mankomunitateak ordaintzen du eta AEK-k gestionatzen du.
Orion euskaldun zaharrak beharko dira, taldeak osatzeko
Aurten jende askok eman du izena euskaltegian Orion, euskara ikasteko; eta, beraz, AEKren aurreikuspena da mintzalagun taldeak ere ugaritu egingo direla. Hori dela-eta, euskaldun zahar gehiago beharko dira taldeak osatzeko. Udalak dei egiten die herriko euskaltzaleei izena eman eta programan parte hartzeko; eskatzen den konpromisoa txikia da: astean ordubetez, bakoitzari ondoen datorkion orduan, euskara praktikatu nahi duten herritarrekin bildu, talde txikian, eta haiekin euskaraz aritzea. Edozein euskaldunek egin dezake, eta ez da behar ikasketa edo gaitasun berezirik; lagun arteko hizketa da mintzalaguneko kideek landu nahi dutena.
Izen-ematea
Izena eman nahi dutenek hiru bide hauetakoren bat erabil dezakete:
- Kosta tailerreko euskaltegira jo eta AEK-ko irakasle batekin hitz egin
- Telefonoz deitu eskualdeko arduradunari (Eukene): 625 485 215
- Mezua idatzi emailez: urolakosta@aek.org
Izena emateko epea irekita dago dagoeneko eta taldeak urriaren erdi alderako osatu nahi ditu AEK-k.
Zer da Mintzalagun programa?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:
- Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera ematen dio programak.
- Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…
Urtero, Urola Kostan, 20 bat talde osatzen dira, astero juntatzen direnak euskaraz aritzeko (taldeak 2-5 pertsonakoak dira), guztira 75 lagun inguru.