Ekin diogu ikasturte berriari eta abian da 2016-17 ikasturteko Mintzalagun programa: astean behin hitzordua bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko.
Ikasturte honetako leloa da “Praktikatu eta bizi”, euskaraz egin eta euskaraz bizi.
Mintzalagun programa: zer da?
Mintzalagun programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Horrela lortzen dugu:
- Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; eta, baita ere, jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko.
- Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…
Eman izena!
Euskara ikasten ari bazara eta praktikatu nahi baduzu, eman izena. Euskaraz ikasten ari direnei lagundu nahi badiezu, eman izena.
Honako telefono eta helbideetara jo dezakezue argibideak jasotzeko eta izena emateko:
- Orioko euskaltegia
- 625 485 215 (Eukene)
- urolakosta@aek.org
- http://mintzalagun.blogspot.com.es/
- https://www.facebook.com/mintzalagunak.gara
Urola Kostan 8 urte
2009an abiatu zen Mintzalagun programa Urola Kostako bost herrietan (Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio). Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da.
Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.
Programaren bilakaera ona izan da eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.
Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak…
Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana antolatzen da (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldi…). Horrekin batera, beste hainbat jarduera ere antolatzen dira programaren barruan: irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarreren zozketak…