Astelehenean batu zen Orioko Udaleko lantaldera Jon Ander Garcia de Kortazar (Donostia, 1977) kirol-teknikari berria. Herriak kirola egiteko eskaintzen dituen aukerei zukua ateratzeko asmoz etorri da, eta eragileen arteko bizikidetza izango du helburu.
Ia bost urtez aritu da Donostiako Kiroletako Udal Patronatuan, hurbiltasuneko kirol-teknikari postuan eta, aurretik, Oiartzungo Udalean egin zuen lan sei hilabetez. Bere ibilbide profesionaleko lehen hamabost urteak, dena den, aholkularitza-bulego pribatu batean egin zituen.
«Azken hiletan teknikaririk gabe egon zarete Orion, eta erronka polita dut aurretik. Orain arte gauzak nola egin diren ikusi behar dut lehenik, eta hobetzeko dauden alderdietan jarriko ditut indarrak». Udalean gauzak egiteko gogotsu daudela azpimarratu du, eta erraztasun handiak jarri dizkiotela: «Oso ondo hartu naute».
Lan-ildoen inguruan galdetuta, mahai gainean gauza garrantzitsuak dituztela aurreratu digu: «Kiroldegiaren aurreko adjudikazioaren epea bukatzear dago, eta lehiaketa berria egin behar dugu orain. Horrez gain, eragileen artean koordinazioa eta adostasuna lortzeko egingo dugu lan, irizpide garbiak adostuta, guztiek bide beretik jo dezaten». Haietako bakoitzaren egoera ulertu, eta eskura dituzten errekurtsoak zuzen banatzen ahaleginduko dira. «Bizikidetza ezinbestekoa da. Norberaren beharrak ase behar dira, besteenak errespetatuz».
Orio herri kirolaria dela uste du, eta kirola egiteko aukera zabala eskaintzen duela. «Horri heldu behar zaio, eta bultzada eman. Orain arte kirola egiteko ohitura izan dutenek etorkizunean ere kirola egiten jarraituko dute, baina jarduera fisikoa egiteko joerarik ez duten kolektiboak identifikatu behar ditugu, eta erantzun bat eman». Korporazioari eskerrak emanez amaitu nahi izan du elkarrizketa, bere alde egindako apustuagatik: «Ea orain aurreikuspenak betetzeko gai naizen!».