Praktikatu zure euskara!

Euskara praktikatu nahi baduzu, aurten ere aukera izango duzu Mintzalagun programaren bidez. Dagoeneko martxan jarri da 2018-19 ikasturteko Mintzalagun programa eta orain da garaia izena emateko. Ikasturte honetako leloa honako hau da: “Praktikatu eta bizi”.

Mintzalagun programa: zer da?

Mintzalagun programak elkartu egiten ditu euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) astean ordubetez euskaraz hitz egiteko. Zer lortzen da programa honen bidez?

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta harreman-sare euskalduna zabaltzeko.
  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

Eman izena!

Euskara ikasten ari bazara eta praktikatu nahi baduzu, eman izena. Euskaraz ikasten ari direnei lagundu nahi badiezu, eman izena.

Izena emateko, jo ezazu Orioko euskaltegira, KTA eraikinean, edo deitu telefonoz: 625 485 215

Urola Kostan 10 urte

2008-09 ikasturtean ekin genion eskualdean Mintzalagun programari eta, beraz, aurten beteko ditu 10 urte. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.

Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak

Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dugu; izan hitzaldi, diaporama emanaldi edo ipuin emanaldi formatuan. Horrez gain, urte osorako hainbat proposamen bideratzen dira: irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak, eta abar.

mintzalagun18