Igandean, abuztuak 1, Orioko 12. artisautza erakusketa izango da herriko plazan, Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Euskara Batzordeak antolatuta. Erakusketa 1993an antolatu zen aurreneko aldiz eta, geroztik, urtero egin izan da, abuztuaren hasieran.
Artisautza erakusketa goizeko hamaikak aldera irekiko da, eta egun osoan izango da zabalik, goiz eta arratsalde.
Aurtengo erakusketan 16 postu izango dira. Gehienak Euskal Herriko artisauak izango dira; baina badaude kanpotik etorritakoak ere: Kataluniatik, esate baterako. Horien artean alor guztietako artisauak daude, eta erakusketan denetik izango da: zeramika, larruzko lanak, bitxiak, beira, zilarra, otarrak, argizaria, harri lanak eta abar. Talogileak ere izango dira.
Artisauek egiten duten lana ezagutzeaz gain, beren produktuak erosteko aukera ere izango dute bertara hurbiltzen direnek.