Surfeko taulen erakusketa inauguratuko da larunbatean, azaroak 5

Erakusketa zabalik dago joan den asteazkenaz geroztik Kultur Etxean; baina antolatzaileek inaugurazio ekitaldi bat egingo dute larunbatean, iluntzeko zortzietan hasita.

Inaugurazio ekitaldi horretan Patxi Olidenen lanari buruz prestatutako bideo bat erakutsiko dute. Herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldira.

PATXI OLIDEN ETA SURFA

Patxi Oliden oriotarra izan zen Euskal Herria osoan lehendabiziko surf taulak egin zituena, orain berrogeita gehiago urte. Eskuz egiten zituen, banan bana, benetako artisau batek bakarrik izan dezakeen kontuarekin. Itxas Tresna izena jarri zien taula haiei, eta Orioko kultur etxean daude orain haietako batzuk ikusgai, Orioko Surf Taldeak antolatutako erakusketan.

Orain berrogei urteko Itxas Tresnak berreskuratu dituzte, baita haiek egiteko Patxi Olidenek erabiltzen zituen tresnak ere, eta erakusketa osatzeko, bideo polita egin dute: Patxi agertzen da bertan taulak nola egiten zituen azaltzen, eta Mikel Agote haietako batekin ikus daiteke surfean.

Surfaren munduan gauzak asko aldatu dira. Gaur egun ere, ordea, bada beste oriotar bat surfeko taulak egitetik bizi dena: Mikel Agote. Horregatik batu dituzte Orioko Surf Taldeko antolatzaileek Patxi eta Mikel oriotarrak. Batetik besterako ibilbidearen berri labur emanez, Oriok surfaren munduari egin dion ekarpen polita erakusteko, batetik, eta bestetik, Patxi Olideni omenaldia egiteko, zinez txalotzekotzat jotzen baitute haren aitzindaritza surf taulen munduan.

Erakusketa zabalik izango da azaroaren 16a arte.