Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek lan praktiko batzuk egin dituzte Orioko San Martin ingurua nola egokituko luketen azalduz eta Orioko Udalak, beren ahalegin hori saritu nahi izan du lehiaketa baten bidez. Lehiaketaren sariak udaletxean banatuko dira urriaren 20an, ostiralarekin.
Arkitektura Eskolako 3. ikasturteko ikasleak aurkeztu dira lehiaketara eta, taldeka, hainbat proposamen aurkeztu dituzte. Partehartzaileak euskal adarreko ikasleak dira eta, beraz, proiektu guztiak euskaraz aurkeztu dituzte.
Ikasleek beren ikasketen barruko lan praktiko gisa osatu dituzte proiektuak eta Udalak, lehiaketaren bidez, egindako ahalegina saritu nahi izan du.
Proposamenak herriko kultur etxean izan ziren ikusgai uztailean eta orain horretarako osatu den epaimahaiak sariak erabaki ditu.
Sariak publiko egingo dira urriaren 20ko 12:00etan udaletxeko udalbatzarraren aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi horretan lehiaketaren irabazleek beren proposamenak azalduko dituzte eta egindako lanari buruzko xehetasunak emango dituzte.
Lehen saria 1200 eurokoa da eta bi accessit ere badaude, bakoitza 400 eurokoa.